Txapelketa martxan jarri zen lehen urteetan, edozein pilotarik parte har zezakeen bertan. Erabaki oso “demokratikoa” bazen ere, ondorioz, nahiko partidu desorekatuak suertatzen ziren: maila oneko bikoteek “betelana” egingo zuten gainontzekoekin jokatu behar izaten zuten. Batzuetan, eta ez gutxitan, balizko galtzaileak ez ziren agertzen eta partidak bertan behera utzi behar izaten ziren. Honek, jakina, ikusleen haserrea (antolatzaileena adinakoa, ia) pizten zuen.
Arazoari aurre egitearren, pilotarien maila igotzea erabaki zen. Kalitatea bermatuko zuten pilotariengana jo zen, lehia eta oreka nolabait uztartu nahirik. Honela, pilotarien parte hartzea lotu eta txapelketari seriotasun handiagoa ematearren, bosgarren oroitalditik aurrera (1979), aurretik aukeratutako bikoteak gonbidapenaren bidez ekartzea erabaki zen. Honekin batera, jakina, txapelketako aurrekontuaren kopurua igo egin zen, baina, behingoz, maila handiko partidak txapelketaren hasieratik ikusi ahal ziren, eta ez finalerdietatik aurrera soilik, ordurarte gertatzen zen bezala.
Antolatzaileak, garai hartan, Oiartzabal pilotariarekin jarri ziren harremanetan. Hau Espainiako txapelduna izan zen eta, artean, Bidasoa bailarako ordezkari lanetan zebilen. Nafarroako goi mailako hainbat pilotarirekin harremanetan jarririk, txapel-ketaren birrantolaketari ekin zitzaion: pilotarien dietak igo egin ziren, sona handiko bikoteak ekarri zituzten; esate baterako, Txoperena-Etxeberria, Zubeldia-Erdozia, Etxandi, Arzelus... nafarrak, Alustiza-Olaizola, Goikoetxea anaiak, Amundarain-Zabala… gipuzkoarrak. Aurrerago, profesional ohi handiak ere parte hartu dute: Azkoitiko atanotarrak, Esnaola, Ansola … Iparraldetik hurbildutakoen artean Yustede, Zubizarreta, Elejalde, Iribarne, Mutuberria, Aranburu, Hirigoien dira aipagarrienak. Euskal herrialde guztietako pilotariak ekartzen saiatu dira beti antolatzaileak.
Hauetako bikote batzuek afizionatu mailatik at geratzen zirenez, 1981ean helduen maila sortu zen, aurrerago profesional ohikoena izango zena. Lehen hartan, Castillo-Ibargarai bikotea izan zen txapelduna. Hurrengo urteetan ospe handiko pilotariak etorri ziren: Tapia I, Andueza III, Beristain, Barandiaran…, denak profesional ohiak.
1981. urtean helduen maila sortu zenean, hirugarren maila bat erantsi zitzaien ordurarteko gazte eta afizionatu mailei. Ia egunik ez zegoen hainbeste partidu antolatzeko, eta horrela, gazteak ere gonbidapenaren bidez ekartzea erabaki zen.
Lehen partidak ligaxka sistemaz jokatu ohi dira beti, talde bakoitzeko lehenak finalerdietarako sailkatzen direlarik.
1999. urtean afizionatuen eta profesional ohien mailek bat egin zuten. Afizionatu onak profesionaletara pasatzen direnez eta betiko profesional ohiak adinean aurrea doazenez, ez baitago gutxieneko mailari eusteko bestelako modurik. Ligatxoa egin ondoren, talde bakoitzeko txapeldunek jokatu zituzten finalerdietako partidak. Azken urte horretan, bestalde, lau eta erdiko bakarkako maila sortu zen. Hiru pilotariren artean jokatu zen ligatxoa eta finala.
Herri mailako txapelketa 15 urtetik beherako gaztetxoentzat antolatu izan da beti. 1999. urtean, partehartzea bultzatu nahirik, ordurate baztertuta zeudenei zuzendutako maila berri bat ireki zen. Lehen urte horretan 15 eta 53 urteen arteko 14 bikotek parte hartu zuten. Arrakasta itzela izan zuen, ikusmin izugarria piztu baitzuen herritarren artean.