Lezoko txapelketa urtean zehar (eta udaberritik aurrera, bereziki) egindako lanaren emaitza da. Ia hilabete irauten duen ikuskizuna jendeari eskaini aurretik, begiralearen lan isila egin behar izaten dute antolatzaileek aurreko hilabeteetan. Pilotarien momentuko maila egiaztatzeko partidu asko ikusi behar izaten dituzte. Pilotari berriak ezagutzen eta, ahal den neurrian, zuzenean beraiekin hitz egiten saiatzen dira eta Lezoko frontoiaren ezaugarriak, pilotarien historiala eta ahalik eta datu gehien eskuartean izanik, partehartzaileen zirriborroa egiten dute. Ez dira gutxi honekin batera egin behar diren bestelako lanak ere: Federazioak eta epaileen kolegioak eskatzen dituzten fitxak eta baimenak behar bezala eta garaiz tramitatu behar dira; komunikabideekin ere harremanetan egon behar da partiden iragarpenak eta emaitzak garaiz eta era egokian eman ditzaten; aurrekontuaren kopurua kontuan izanik, laguntzaileak bilatu behar dira sariak edota aurrekontua osatzeko udalak eman ezin duen diru kopurua eskuratzeko, eta denbora pasa ahala sortzen diren unean uneko bestelako lan amaigabeak.
Partidak programatzerakoan, egutegia osatzerakoan, pilotariek parte hartzen dute, neurri batean bederen. Partidak iragarri aurretik beti eskatzen zaie pilotariei baieztapena. Finaleko partidan salbu, pilotariei ez zaie behartzen antolatzaileekin aurretik adostu ez duten egun batean jokatzen. Horrela, bada, pilotari guztien beharretara makurtuz saihets daitezke uda aldeko egutegi trinkoek sortzen dituzten eragozpenak.