Josetxoren heriotzaren ostean, Lezoko pilotazale gazteek hutsune handia nabaritu zuten herriko pilota giroan. Nork ordezkatu behar zuen gaztetxoak pilota jokora bultzatzen zituen gazte eragile hura? Uda gainean zegoen eta ez zen inondik ere ikusten ohiko txapelketa antolatzeko modurik. Hutsunea bete nahirik, Ekaitz aisialdi-elkarteko gazte talde batek Josetxok ordurarte egiten zuen lanaren ardura bere gain hartzea erabaki zuen.
Hasieratik hasiz, Josetxoren omenezko pilota txapelketa bat antolatzea bururatu zitzaien. Horretarako, ezinbestekoa zen ordurarte antolaketa guztia bideratu zuen Allerru Elkartearen babesa eta bultzada lortzea. Ez zuten eragozpen haundirik aurkitu. Allerru Elkartearen bidez, eta Pako eta Manuel Josetxoren anaien laguntzarekin, Etxandi familiako gainontzeko senideekin harremanetan jarri ziren. Eman beharreko lehen urratsak emanak zirelarik, antolakuntza lanetan hasi ziren. Herri mailako txapelketa antolatzeak aparteko zailtasunik sortzen ez bazuen ere, eskualde mailakoa antolatzeko beste baldintza batzuk bete behar ziren: pilotari federatuak bakarrik parte har zezaketen, dietak handiagoak ziren, eta ondorioz, aurrekontuei aurre egiteko urrats berriak eman behar ziren.
Zailtasunak zailtasun, 1975. urtean, Josetxo hil zen urte berean, I. Josetxo Etxandi Oroitaldia antolatu zen.