Aipatu da Josetxo hil zenean Ekaitz aisialdi taldeko lagun batzuek hartu zutela pilotan geratu zen hutsunea betetzeko ardura. Denbora pasa ahala, Ekaitzekoek, poliki-poliki, Etxandi anaiei pasa zieten lekukoa. Luis Santos izan da lehen talde hartatik antolaketa lanei tinko eutsi dien lagun bakarra. Honek eta Etxandi familiako hainbat senidek osatu dute urtetan jardun duen lan talde urria. Hain talde urria izateak lan gehiago eskatzen badu ere, asko errazten ditu gauzak antolaketari buruzko erabakiak hartzerakoan, esate baterako.
Lan orokor hauekin batera, badira, pilotariekin batera, pilota-jokoaren legeak bete daitezen ezinbestekoak diren beste protagonistak ere. Hauen artean, jakina, epaileak aipatu behar dira. Lezon bertako epaileen laguntza izan dugu beti, Federazioak hala behartuta zegokien titulazioa erdietsi zutenak. Zorua garbitzeko, aldageletan laguntzeko, kartelak egiteko eta antzeko lanetarako ere ez da inoiz jenderik falta izan.