Edozein lezoarrek ongi dakien bezala, eguraldiak erabaki du beti txapelketako partidak non jokatu. Goiko Plazako frontoia politagoa, ikuslegoarentzako eta antolatzaileentzako erosoagoa eta pilotarientzako atseginagoa bada ere, eguraldiak hala behartuta, beste frontoi estali batzuetan ere (Donibane, Altza, Errenteria ...) jokatu behar izan dira partidak. Antolatzaileek hala erabakirik, finaleko partida da derrigorrez beti Lezon jokatu behar den bakarra. Lezon frontoi estalirik ez zegoen garaitan, baldintza hori betetzearren, urrian ere jokatu ohi da finaleko partida.
Lezoko frontoi estali berria izateak lasaitasun izugarria ematen die antolatzaileei eta ikusleei, bai baitakite eguraldi ona edo txarra egin partidak beti Lezon jokatuko direla, beste herriei mesederik eskatu gabe eta bertara joan behar izan gabe. Hala ere, ez dirudi frontoi berri honek ase dituenik lezoarron beharrak. Sabaia eta frontisaren arteko uztardura ez da behar bezala egin; zorua labainkorregia da; frontisa hainbat zatitan ez da behar bezain trinkoa; ezkerreko paretak zenbait tokitan zuloak ditu; eguraldiaren erasoak arazo gehiegi sortzen ditu, euria egiten duenean sarrerako bi ateetatik ura sartzen baita kantxaraino iristen diren putzuak sortuz; euria egiten duenean ikusleak busti egiten dira; ez dago zerbitzurik ikusleentzat... Arazo gehiegi frontoi egin berria izanik. Hala ere, eta akatsak akats, eskertzekoa da bigarren frontoia izateak eskaintzen dituen aukera berriak.