Gaur egungoa baino egoera larriagotara ohituta dago Lezoko txapelketa, lehen urteetan udala eta hainbat enpresa, denda, taberna, eta lagun eskuzabalen artean biltzen baitzen gastuei aurre egiteko behar zen diru kopurua. Txapela pasa beharreko garaiak ere ezagutu dira.
Urteak aurrera joan ahala, eta aurrekontuaren kopuruak gorakada nabarmena izan zuenez, udalak finantziaketa bere gain hartzea erabaki zuen, eta horretarako Iberdrola, Zaldiak, Azpeiti… eta abarrengana jo zuen kopuruaren zati batetaz ardura zitezen. Hainbat urtetan, ordainez, laguntzaile horien izenekin iragarkiak jarri behar izan dira frontoian. Aurrekontua 700.000 pezetatik 1.500.000 pezetara igo zenean, izen handiagoko pilotariak ekarri ahal izan ziren. Pilotari hauek baldintza berriak jartzen zituzten. Hala beharturik, kalitate handiko pilotak ekarri behar izan ziren. Sestaoko “Cipri” zen behar horiek ase zitzakeen pilotagilerik bikainena, eta inolako zalantzarik gabe berarengana jo zen zuzenean. Geroztik, etxe horrek hornitzen du Lezoko txapelketa.