Txapelketa halako pizgarria da herriarentzat. Frontoira igotzeko garaia iritsi dela ongi sumatzen da herriko giroan. Horrek bultzatuta, gogotsu daude antolatzaileak eta lanean jarraitzeko asmoa dute. Jende berriaren laguntza biziko eskertuko badute ere, ez dute nahi Oroitaldiak orain arte lortu duen maila altua edozein eskuk gestiona dezan hemendik aurrera. Inoiz lekukoa beste eskuek hartu behar badute, ongi jakin behar da norerak diren esku horiek. Pilotariekiko begirunean eta adiskidetasunean oinarritutako txapelketa izaten jarraitu behar du beti, daukan mailari eutsiz.
Gazteen aldeko lana, urte askotan lozorroan egon da Lezon. Horrela, askotan pilotan jardun nahi zuten gazteek inguruko beste herrietara (Oiartzun, Altza edo Intxaurrondo) joan behar zuten Lezon aukerarik aurkitzen ez zutelako. Iaz garrantzi handiko urrats bat eman zen: Gipuzkoako herri arteko txapelketan parte hartzea. 30 urte ziren Lezok ordezkaririk bidaltzen ez zuela. Urratsak dira, eta denon lana da. Udaletxetik jasotzen den diru laguntzaz, dagoen azpiegituraz eta laguntzaile pribatu batzuen lanaz baliatuz pilota kluba berregin nahi da. Lan horretan lagundu nahi duten guztiek ateak zabalik dituzte.
Pilota klub horrek izango du zer egin, galdera asko baitago erantzuteko: Gaur egungo gazteak prest al daude kirol honetan jarduteko? Beste kirol erakargarrien aurrean zein toki emango diote gazteek pilota jokoari? Zein dago gazteak entrenatzeko edo beraiekin zuzenean lan egiteko prest? ...